| Gasteizko Ekimen Ibiltariaren kronika Gasteizeko Presoen Aldeko Taldea [06.12.14 - 22:09]
Gasteizko Ekimen Ibiltariari bukaera eman zaio ekitaldi hunkigarri batekin.
 Astelehena 11
Prentsaurrekoaren ondoren, gose grebalariak klasez klase pasatu gara ikasleriari Ekimen Ibiltariaren inguruan informazioa emateko eta borroka honetan laguntza eskatzeko. Ondoren, 13:30etan kanpuseko jantokian kontzentrazioa burutu dugu, bertakoei esku-orrien bitartez egoera azalduz. Arratsaldean ikasle eta irakasleen atxikimenduak jasotzen jarraitu dugu. Lehen gaua hasi da, bertan 52 lagun gaude gose greba egiten eta asanblada burutu dugu hurrengo egunetako lana planifikatzeko.
Asteartea 12
Goizeko 9:00etan kontzentrazioa burutu dugu Filologiako fakultatean. Goizean atxikimenduak lortzeko lanean ibili gara. 13:30etan jantokira joan gara berriro kontzentrazioa burutuz, jarraian kanpuseko kafetegi guztietatik triki-poteoa (urarekin) egin dugularik, gure mezua zabalduz. Arratsaldean irakasle eta langileenganako lanketarekin jarraitu dugu eta 20:00etan Adurtza auzoan asteartero burutzen den presoen estatus politikoaren alde egiten den kontzentraziora joan gara bertan 65 lagun bildu garelarik. Ondoren bigarren gaua pasatzera goaz Filologiara.
Astezkena 13
Goizeko 9:00etan kontzentrazioa egin dugu liburutegiko sarreran. Dagoeneko 80 pertsona gara gose greban, 30 pertsona baraualdi masiboan parte hartu baitute. 12:00etan manifestazioa burutu dugu eta bertan 200 lagun baino gehiago bildu gara. 18:00etan mediku batek, preso ohi batek eta senide batek beraien esperientzia kontatu digute 50 bat pertsonari. Azkeneko gaua pasatzeko ordua heldu da.
Osteguna 14
Goizeko 9:00etan kontzentrazioa burutu dugu errektoreordetzan. 12:00etan Ekimen Ibiltariaren amaierako prentsaurrekoa egin da, bertan irakasle, langile eta ikasleen ordezkaritza izan delarik. Ondoren, ekitaldi xumea baina hunkigarria burutu da eta azkenik gose grebalari guztiek aurretik prestatu genuen luntxaren janarekin amaitu dugu Ekimen Ibiltaria Gasteizko kanpusean.
Osteguneko prentsaurrekoaren idatzia:
Dagoeneko 38 egun igaro dira Iñaki De Juanak bigarren aldiz gose greba hasi zuenetik. Bere eskubideak urratuak izan dira behin eta berriz, horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskubideak ere urratuak dira etengabean. Ezin dugu ahantzi senideek bizitzen duten sufrimendua, urruti joan gabe, aurreko larunbatean Jon Aingeru Otxoantesanaren neska-laguna eta zazpi urteko semeak istripua izan zuten. Baita ere, ezin ahantzi azken hilabetean baitu dizkiguten Trujo eta Aritz
Zoritxarrez berri hauek ia eguneroko ogi dira. Guri dagokigu egoera latz honi aurre egitea, hori dela eta, herri bezala erantzuteko ekimen ibiltaria burutzen ari da Euskal Herriko txoko guztietatik. Ekimen honen baitan, aste honetan unibertsitateari egokitu zaio ekimena burutzea lau eguneko gose greba baten bitartez.
Gasteizko Campusari dagokionez, 52 ikaslek burutu dugu lau eguneko gose greba hau, horrez gain, asteazkenetik ostegunera 80 ikasle baraualdi masiboa burutu dugu. Ikasleez gain, Gasteizko Campuseko Segi, Ikasle Abertzaleak, EHBE, Presoen aldeko taldea, LAB, ELA, STEE-EILAS eta hain bat irakasle atxikitu dira Euskal Preso Politikoen eskubideen defentsan.
PSOEren gobernuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboa truke txanpon moduan erabili nahi du, horren adibide, dispertsio politikaren jarraipena, euskal preso politikoen kontrako jipoiak, kondenen luzapena, larriki gaixorik dauden presoak kartzeletan mantentzea,... dira. Urratuak dauden eskubide hauek, argi eta garbi uzten dute Euskal Herrian eskubide demokratikoak zein garrantzi gutxi duten PSOEren gobernuarentzat, eta berarentzat lan zipayoa egiten duen PNVrentzat, estatu frantseseko gobernua ahantzi gabe.
Euskal Preso Politiko Kolektiboaren eskubideak urratuak diren heinean, garbi dago ez direla gatazkaren konponbidea ekarriko duen prozesu demokratiko bat garatzeko baldintza demokratikoak ematen.
Urraketa guzti hauei aurre egiteko, ezker abertzaleak abenduaren 20rako deitu duen mobilizazio egunean parte hartzera deitzen dugu, Euskal Herriaren eskubideak ez daudelako salgai. Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriaren eta prozesuaren kontra martxan jarri duten ofentsibari aurre egin behar diogulako eta gure amorru guztiarekin erantzun behar diogulako.
Euskal Presoak Euskal Herrira!
EUSKAL HERRIARI XANTAIARIK EZ! |