Ekimen Ibiltaria iritsi da unibertsitateetara

Presoen Aldeko Taldeak (PAT) [06.12.11 - 13:49]

Larunbatean Durangon txanda jaso ostean gaur eman zaio hasiera Bizkaia, Gasteiz eta Gipuzkoako unibertsitateetan Ekimen Ibiltariari. Hainbat mobilizazio eta ekimen burutuko dira aste honetan zehar eta, honekin batera, zenbait ikaslek (Leioan 18, Gasteizen 50, Ibaetan 16 eta Arrasaten 14) gose greba burutuko dute astelehenetik ostegunera bitarte.


Leioako prentsaurrekoa

Leioa, Ibaeta eta Gasteizen prentsaurreko baten bidez eman zaio hasiera Ekimen Ibiltariari. Hauxe da prentsaurrekoaren edukia:

Espainiar eta frantziar estatuek giltzapean dituzten 600 euskaldunen eta beraien senide eta lagunen sufrimendua areagotzen ari da azkeneko hileotan. Urteak dira sakabanaketa indarrean jarri zutela eta hasieran preso politiko eta euren senitartekoen mesederako omen zenak sufrimendua besterik ez du ekarri. Bere garaian preso politikoen ustezko manipulazioa ekidin behar zuenak 22 preso eta 12 senitartekoren bizitza kobratu ditu azkeneko urte luzeetan.

Baina sufrimendua ez da hildakoetan zenbatzen, sufrimendua egunero bizi den zerbait da. Ba al da ba kalean behar lukeenak kartzelan jarraitzea baino sufrimendu handiagorik? Egoera horretan daude ba larriki gaixo dauden 6 preso eta kondena beteta duten beste 160 inguru. Honen argazki argi eta ezagunena dugu Iñaki de Juana donostiarra, bi iritzi artikulu idazteagatik 12 urteko kartzela zigorra ezarri diotelarik. Hau salatzearren gaur 34 egun betetzen ditu gose greban. Non geratzen da adierazpen askatasuna?

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoera oso larria da: jipoiak, sakabanaketa, isolamendua, komunikatzeko oztopoak, euskaraz bizitzeko ezintasuna... Hamaika eskubide urraketa pairatzen dituzte egunero. Baina salbuespen egoera hau kartzeletatik at Euskal Herri osora ere zabaltzen da. Eguneroko albiste dira zitazioak, ilegalizazio estrategiak, debekuak, torturak, atxiloketak, biolentzia eta jazarpen poliziala... Hau guztia onartezina da eta are gehiago egun bizi dugun momentu politikoan. Ustez gatazkaren konponbidera eramango gaituen prozesu bat dabil ahoz aho, baina ezin eman liteke prozesurik oinarrizko baldintza demokratikoak errespetatzen ez diren bitartean.


Gasteizko prentsaurrekoa

Guk, unibertsitateko ikasleok, errealitate honen aurrean deialdi zabal bat igorri nahi diegu euskal herritarrei presoen aldeko babesa indartzeko eta Euskal Herriak bizi duen egoera hau gaindituko duen urratsak exijitzeko. Helburu honekin, Ibaeta, Gasteiz eta Bizkaiko kanpusetako ikasleok ekimen ibiltariko txanda hartu dugu ostegunera arte iraungo duen gose greba batekin. Gu ikasleak izanik salaketa berezia egin nahi genuke hezkuntza eskubidearen inguruan. Gaur egun Espainiar estatuan preso daudenek ezinezko dute UPVn ikastea, honek dakarren guztiarekin: euskaraz ikasteko ezintasuna, karrera eskaintza murritzagoa eta zenbait karrera konkreturen debekua, besteak beste.

Ekimen ibiltaria Euskal Herri osotik zabaltzen ari den hiru aldarrikapenak gure egiten ditugu:

1- Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak berehala eta inolako baldintzarik gabe KALERATZEA.

2- Kartzela zigorra beteta duten euskal preso politikoak berehala eta inolako baldintzarik gabe KALERATZEA.

3- Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eskubide guztien jabe izanik Euskal Herrian batzea.

Honenbestez, hiru aldarrikapen hauen harira aste honetan zehar unibertsitateetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu unibertsitateko kide guztiei.

EUSKAL PRESO ETA SENIDEEN SUFRIMENDUAREKIN TXANTAIRIK EZ!!!


Honez gain, Gasteizeko gose grebalariak Magisteritzako zuzendaritzaren jarrera salatu dute. Izan ere, hasiera batean gimnasioko dutxak uzteko prest agertu bazen ere, azkeneko momentuan eta baimenik ez duelako eman nahi esan eta gero, dutxa gabe utzi ditu gose grebalariak.

Bestalde, Arrasateko unibertsitatean ere Presoen Aldeko Taldeek hasitako ekimenarekin bat egin dute eta bertan ere gose greba hasi dute 14 lagunek. Eurek ere prentsaurreko batekin hasi dute Ekimen Ibiltaria eta ondokoa da irakurri duten testua:

Herri honetan jakina da euskal preso politikoen eskubideak etengabe urratuak direla. Gainera Euskal Herriak Espainiar eta Frantziar Estatuekin duen gatazka politikoa konponbidean jartzeko aukera berriak direnean, Espainiar zein Frantziar Estatuek euskal preso politikoen kolektiboaren aurkako erasoaldi bortitza jarri dute martxan.

Erasoaldi bortitz horren adierazle garbiak dira kalean egon beharko luketen 6 preso gaixo larriak, eta kondena bete ostean gure artea egon beharko luketen 160ak. Gogoratu behar da bestalde dispertsioak bere horretan jarraitzen duela, eta espetxe barruko egoerak nabarmen egin duela gogorrera.

Zentzu honetan aipamen merezia du Iñaki De Juanaren auziak, izan ere kondena betea eta kalean egon beharko lukeen Iñakiri 12 urteko kondena bat ezarri baitzaio bi iritzi artikuluren akusaziopean. Injustizia honen aurrean Iñaki gose greba mugagabean dago.


Arrasateko prentsaurrekoa

Euskal Herrian konponbide prozesu bat martxan dagoela ikusita, zein zentzu dauka presoen egoera horrela estutzeak, konponbide prozesuari eta finean Euskal Herriari xantai egitea ez bada? Honen aurrean uste dugu preso politikoen eskubideak koiuntura politikotik aparte, eskubideak direlako errespetatuak izan behar dutela. Horregatik Mondragon Unibertsitateko ikasleaok Ekimen Ibiltarian parte hartuko dugu, Euskal Herriko beste ikasleek bezala, aldarrikapen hauen inguruan:

-Preso gaixoen kaleratzea orain!
-Zigorra bete duten presoen kaleratzea orain!
-Euskal presoak, eskubide guztien jabe, Euskal Herrira!

Ikasleok gose greban egongo gara abenduaren 11tik 14ra. Aste honetan ekimen desberdinak eramango ditugu aurrera unibertsitate mailan. Ekimen hauen helburua, presoen aldeko borrokan ikasle, irakasle eta unibertsitateko estamentu desberdinen inplikazioa bilatzea izango da.

Baraualdi honi datorren ostegunean emango diogu bukaera eskolan ekitaldi baten bitartez, baina presoen aldeko borrokak etengabe jarraituko du aurrera unibertsitatean, presoak Euskal Herrian eta beraien eskubideen jabe izan arte.


Biharko ekimen eta jarduera anitz daude antolatuta Ekimen Ibiltariaren baitan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastegi unibertsitarioetan zehar. Egitarauaren berri ondoko estekan duzue:

http://www.pat-eh.org/ekimenibiltaria/ekimen.php?p=4798&more=1&c=1